Enperadore heldu berriak eta etortzekoak

Historiografian translatio imperii (agintearen lekualdaketa) deituriko kontzeptua dago, non imperium edo agintearen lekualdaketa lineal bat dago denboran zehar. Erromatar Inperioaren hausturaren hainbat menderen ostean Bizantziar Inperioak eta Germaniako Erromatar Inperio Santuak biek zuten beraien burua Erromako oinordekotzat, banaketa nagusiak erlijioa eta hizkuntza zirelarik: katolizismo latindarra mendebaldean eta ortodoxia greziarra ekialdean.

Argi dago —esango nuke— Konstantinopla zela bigarren Erroma (hiria), bederen. Kontzeptu hau beste herrialde batzuetan erabilia izan da, hala nola Turkian —Otomandarren garaipenaren ondorioz sultanek Erromako Zesar (Kayser-i Rûm) titulua bereganatu zuten— eta Errusian, non Mosku hirugarren Erroma zela pentsatzen zuten batzuek. Buru-gimnastika ariketa sakona eginez, hirugarren Erroma hauek Berlin[1] edo Washington, D.C.[2] izan litezke. Alde batetik, askotan irakurri ditut estatubatuarrak Pax Americana eta AEB-ren dekadentzia Erromarenarekin alderatzen. Egundako harrokeria, bai, baina egiari zor inperialismo alorrean ederki jarraituko duela dirudi. Bestalde, nazismoak eta faxismoak asko edaten du erromatarrengandik, Txarrerako, tamalez, guztiok dakigu zer jazo zen.

Atzo, hedabide batzuen arabera, E eguna izan zen AEBtako hiriburuan. Obamaren bigarren(aren) etorrera zegoen iragarria, eta halaxe izan omen zen, duela bi asteko showaren ondoren sena duen norbait zelako inperator berria. Nik ez dut ezer berezirik nabari oraindik, itxaron egin behar.

Hainbat telebistatan gertaera honi buruzko programa bereziak igorri zituzten —ETB2-n, adibidez—,[3] Munduan zehar besterik gertatu(ko) ez balitz bezala. Beno, osasun gaiari lotuz, beraien hitzetan Mendebaldeako politikan minbizia eragiten zion tumore bat errotik atera zuten —esango nuke metastasia aspaldidanik dagoela—,[4] edo horrelako zerbait. Lau urteren ostean alde horretatik datorkigun bake santua eskertzekoa da.

Atlantikoaren bestaldean, ordea, CDU edo guztiontzat «Merkel-en alderdia» ezizenarekin ezagunago egiten zaigun alderdi politiko honek lidertza berria aukeratu zuen duela gutxi. Armin Laschet irten zen garaile bozka horietan. Esango nuke honek ez dituela programa edo estaldura berezirik izan Alemaniatik kanpo. Agian bai, baina ziur aski ez dela hainbesterakoa izan.

Bigarren Germaniako Erromatar Inperio Santu Europar Batasuneko biztanle batzuk, aldiz, urmaelaren bestaldera begira daude Kristobal Kolon balira bezala. Zer nahi duzue esatea, ez zait axola nor dagoen Bellum Americanum-en gainean, gaizkilea etxean dugu-eta: Laschet-ek Biden-ek baino gehiago urduritzen nau.

Bira ditzagun gure buruak ekialderantz, mesedez. Berlin eta Bruselara.


  1. Erroma → Frankoen Erresuma → Karolingiar Inperioa → Ekialdeko Frantzia → Germaniako Erromatar Inperio Santua → Prusia → Alemania. ↩︎

  2. Erroma → Frankoen Erresuma → Karolingiar Inperioa → Mendebaldeko Frantzia → Normandiako Dukerria → Ingalaterrako Erresuma → Erresuma Batua → Estatu Batuak. ↩︎

  3. Non bestela. Euskal irrati-telebistaren urrezko arrautzak erruten dituen oiloa. Haretxek ematen die bihotzean poza. ↩︎

  4. Trump gaixotasuna dela edo zela esaten jarraitzen duen oro memeloa da, demokrazia kapitalistaren porrotaren sintoma baita. ↩︎


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!