Eztizko begirada eztigile tradizional baten munduari

Beste astelehen bat, beste eguneraketa bat blogean. Ez dut uste ohitura bilakatuko denik, baina oraingoan zerbait interesgarria —beti legez, espero dut— kontatzera nator.

Bart lotara joan baino lehen Honeyland (Медена земја / Medena zemja, T. Kotevska eta L. Stefanov, Ipar Mazedonia, 2019) pelikula dokumentala ikusi nuen Filmin-en, ingelesezko azpitituluekin. Hemen Hatidže Muratova Turkiar jatorriko eztigile mazedoniarraren bizitza azaltzen zaigu.

Irudia Hatidže Muratova. Egilea: L. Stefanov (Iturria)

Hatidže Bekirlija (Ipar Mazedonia) deituriko herrixka batean bizi da bere ama gaixoarekin. Alaba bakarra denez berak zaindu behar, gainera. Bekirlija nahiko isolatua dago: argindar eta bero-iturrietatik urruti aurkitzen da. Bizimodua beste garai batekoa da —herrialde garatuetan bizi garenontzat—, kontsumismo, ibilgailu eta abarretik at naturari etekina ateraz. Besteok (ustez) egin bezala, baina errespetuz.

Hatidžeren bizimodua erle basatiekin eztia ekoiztean —bakarrenetarikoa munduan— eta hura saltzean oinarritzen da: batzuetan hiriburu Skopjera joanez lau orduko bidaia baten ostean. Arreta jotzen duen lehen gauza ekoizpenaren erdia erleak eurak elikatzeko uzten duela da, sinbiosi gisako zerbait sortuz.

Bizilagun nomada batzuk mugitzen dira herrixkara eta tira-bira txiki bat sortzen da, protagonistari burukomina sorrarazten diona. Zentzu horretan, eta izorrakirik egin gabe, (mikro-)kapitalismoaren kritika bat nabari da filmean. Makrokapitalismoa ere bai, inplizituki, zeren eta kutsadurak, pestiziden erabilerak eta ingurunearen galerak erleen biztanleria biziki murriztu baitu. Hala ere, koronabirusaren ondorioz egoera hobetzen ari dela dirudi. Hatidže-ren lana zaila eta ohiz kanpokoa da gaur egunean, industria eta beste erlezaintza modu batzuk aspaldi gailendu direnean.

Oso interesgarria iruditu zait mundu hau horren gardenki aurkeztu izanak. Batez ere gero eta ezohikoagoa denean: ustiaketak, basa-bizitza hirietara mugitu izana… Dokumentalak bizitza bera erakusten du, hiru urtean zehar grabatutakoa. Ez dago voice-over edo narraziorik, agertzen den jende urriak jokaera naturala du, ez dago ezer antzeztua. Purutasun hori eskertzekoa da mundu artifizial honetan, nolabait esateko.

Ikusteak merezi du. Ea oraingoan zuetako norbaitek kasu egiten didan…