YouTube-n algoritmoa ongi dabilenean: musikaren kasua

Hautsak harrotu nahian, betiko legez? Ez, jaun-andere-ezbitar maiteok, oraingotan gai ez oso ezagun bati buruz hitz egiten natorkizue. Duela egun pare bat, Dabid Martinezen blogean Mozilla-ren Youtube Regrets Reporter-aren inguruan gogoeta bat irakurri nuen. Zeharo interesgarria. Horrek animatu nau ohar hau idaztera.

Guztiok1 —beno, ia guztiok— ezagutzen dugu YouTube-k nola funtzionatzen duen. Bideoak, gero eta iragarki gehiagoz beteta, gomendio edo iradokizun sorta dakar alboan. Duela gutxi —urte batzuk, esango nuke—, hurrengora automatikoki egiten du salto. Berez arazorik gabekoa, eduki-sortzaile batzuek lege-hutsuneetaz aprobetxatuz beraien inongo loturarik gabeko bideoak iradokizunetan sartzea lortzen dute.

Norbait ingelesezko dibulgazio bideo bat ikusten ari liteke, eta bat-batean, “Libtards getting owned compilation”, PragerU-ren “Why Black Lives Matter is bad” edo “Ben Shapiro takes down known SJW”2 bezalakoak ager dakizkioke. Konturatu ez zaretenontzat edo agian ingeles kaskarra duzuenontzat —AEB-n dira txarrenak eta zaratsuenak—, argi dago nori bideratuta dauden: ultraeskuindarrei.3 Horrela lortzen dute ideologia kili-kolo dutenak sektore horretara hurbiltzea. Baina horrek tesi baterako edo eman dezake.

Musikarekin, aldiz, kontrako fenomenoa gertatu ohi da. Musika ezezagunarekin, hobeto esanda. Hau da, politikatik at zaudenez, ganorazko iradokizunak. Gainera artista/diska batzuk hain dira arraroak, zeinak YouTube-n bakarrik baitaude ikusgai. Entzungai beste gauza bat da, kar-kar-kar.

Nire musika ezagutza hedatu guran, beste estilo batzuetan murgiltzen hasi nintzen, eta azpiko zerrenda hau YouTube-ko musika ezezagunaren ozeanoan urpekari aurkitu ditudanen sorta bat da. Guztiak Invidious instantzia batera estekatuak, badaezpada.

Egin klik horietako batean. Entzun eta begiratu iradokizunei. Baten bat ezagutzen al duzue? Ezetz esango nuke. Errepikatu prozesua: sekulako bidaia musikala egin dezakezue, eta ziur aski ez zarete damutuko, zuen gustu musikalak irekiak badira bederen.

Espero aholku honek zuen YouTube esperientzia hobetzea. Ez horregatik!


  1. Haurrek zein adinekoek erraz erabili dezaketena, onerako eta txarrerako, Google Video kitsch edo zikin hori VoD-en estandarra den zerbitzu bilakatu delako. 

  2. Disclaimer bat hemen, agian hau aditzen ez duen norbaitek web orrialde honetan bukatuko duelakoan: izenburuak asmatu egin ditut… ala ez? 

  3. Ultraeskuindar hitza erabili dut termino inklusibo bezala, azkenean zerrenda luzea geratu daitekeelako nazi, faxista, frankista, arrazista, sexista, matxista, etab. idaztean (horregatik oin-oharra). Itxurazko batasun honek urduri jartzen nau, bide batez.