RSStentzia sare sozialen nagusitasunaren aurrean

Social media killed the radio star

Hogeita hamar urte soilik edukirik ere, esango nuke nire bizitzaren erdia baino zertxobait gehiago igaro dudala Interneten, 3. milurteko hasierako 56 kbps modem-etatik hasi eta gaurko zuntz optikoetara arte.[1]

Kaixo.net, MSN Messenger, Terra-ko txat, IRC, PhpBB bezalako foroetan ha{s|z}i ostean, Web 2.0-aren sorreraren lekuko izan nintzen —ez literalki, egiaz— 2007 inguruan, batxilergoan nengoenean. Aldaketa nabaria izan zen. Alde batetik, Menéame / Zabaldu / digg / reddit, Marrapuntu / Barrapunto / Slashdot bezalako webgune sozialak gauzatu ziren. Bestetik, blogak modan jarri ziren, eta horiekin batera web jarioak eta sindikazioa.

Etenaldi bat web sindikazioa azaltzeko: laburbilduz, eta nire hitzetan —Izarok bere blogean azalpen zehatzagoa du[2]— web jarioak formatu estandar bat dira, webgune bateko edukiak harpidetza bezala besteentzat eskugarri jartzeko helburua duena. Jarioak RSS, JSON eta Atom formatuan aurki daitezke. Azkena da hemen erabiltzen dena.

Hasieran, Google Reader zen askok, tamalez, erabiltzen genuen bezeroa. Estandarra bilakatu zen, eta Google-k zerbitzua itxi zuenean, web jarioek kolpe handia jasan zuten. Alternatiba falta nabaritzen zen: Feedly bezalako alternatibek ez dute hutsune hori betetzea lortu eta nabaria da gainbehera mainstreamean bederen.

Denboraren makinan orainaldira bueltatzeko garaia da. Sare sozialen garaira, alegia. Duela gutxi Reuters-ek bere RSS-ak akabatu dituela irakurri dut Hacker News-en. Arrazoia argi dago. Azkenean, erabileraren ondorioz, ez Reuters-ek bakarrik, idatzizko eduki sortzaile gehienek edukiak Twitter, Facebook, Instagram, TikTok…[3] auskalo zein bidez partekatzen dituzte, aurretiaz automatizatu ondoren. Gehiagok irakurriko dute. Reuters-en kasuak web jarioena beraientzat gehigarri bat zela nabaritzen du. Etekin ekonimikorik ez badu, denok dakigu istorioa nola bukatzen den.

Egiari zor, ni ere tranpa horretan erori nintzen: Twitter-en albiste zerrendak nituen, eta oraindik Mastodonen ere zerbaitekin aurkitzen naiz. Zorionez, duela zertxobait argia ikusi nuen: zerbitzari honetan ostatatutako Tiny Tiny RSS eta kontsolako newsboat testu-bezeroa erabiltzen ditut web jarioak irakurtzeko. GAFAM-etik at.

Hamarkada bat eta paradigma zeharo aldatu da: plataforma pribatuak diren bitartekariak ditugu orain. Batek daki noiz desagertuko diren ekosistema (berriz) suntsituz.

Akatu mezularia eta harpidetu zuzenean: batu zaitez RSStentziara.


  1. Esan beharra dut, Euskal Herriarekin alderatuta, Alemaniako interneterako sarbidea tamalgarria dela. Nire kontratuaren arabera 50 MB-ko DSL darabilt eta ez da guztia heltzen… ↩︎

  2. Osoki eskertzen dudan Agit-prop edo proselitismo kutsu handiarekin idatzia. Hori du helburua azken finean. ↩︎

  3. Azken honen erabiltzaile kopurua harrigarria iruditzen zait, batez ere gazteen artean. ↩︎


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!