Urte arraro samarra 2020a. Ipar hemisferioan udaberria bitartean gertatua: suteak Australian, ozta-ozta Estatu Batuen eta Iranen arteko (enegarren) gatazka, errefuxiatuen krisia Turkia eta Greziaren artean. Areago, pandemia globala. Urtarrilean (ofizialki) Txinan hasi eta mundu ia osora zabaldu dena, bereziki mendebaldeko Europara — Italia eta Espainia dira gehien sufritzen ari direnak momentu hauetan.

Lurralde horiek, besteak beste, larrialdi-egoeran aurkitzen dira. Alemanian, oraindik ez da horrelakorik erabaki Bavariatik kanpo — federalismoaren arazoak. Halere, gaur batzartu dira Merkel eta _Land_etako _ministerpräsident_ak krisi honi aurre egiteko.

Kutsaketen abiadura ikusita, etxean geratzeko gomendioak eman dira kurba lautu behar delako, osasun sistemak gainezka egin ez dezan. Honen harira, Basileako Unibertsitatearen COVID-19 simulazio tresnaz baliatuz Der Spiegel astekariak hiru balizko egoera simulatu ditu.

Guztiak hasten dira 2020ko martxoaren 1ean 1700 kutsatu ingururekin, eta urtebete irauten du. Kutsadura-tasa edo R0 2,7koa da. Eredu honetan 500.000 ospitale-ohe hartu dira kontuan, horietako 24.000 Zaintza Intentsiboko Unitateetakoak direlarik. Hona emaitzak1:

  1. Kontrolik gabe. Kasu honetan, maiatzaren hasierarako (!) 22,5 milioi (!!) pertsona inguru kutsatuko lirateke Alemanian (biztanleriaren % 27a) eta 500.000 pertsona larri egongo lirateke gehienez. ZUI ohe nahiko ez daudenez, ia 700.000 hildako leudekete. Guztira 70 milioi (!) pertsonak pasako lukete gaixotasuna.

  2. Neurrizko kontrola. Flatten the curve deituriko iniziatiba jarraituz gutxi gorabehera. Kasu honetan herena kutsatuko litzateke: 8 milioi inguru — biztanleriaren % 10etik gertu. Irailerako 100.000 gaixo egongo lirateke. Kasu honetan gehienezko gaixo larri kopurua 200.000 izango litzateke, eta 500.000 pertsona hil.

  3. Kontrol zorrotza. Hemen kurba askoz txikiagoa izango litzateke: 2021eko martxoaren 1ean 450.000 kutsatu inguru egongo lirateke. Gaixo larrien kopurua, ordea, 15.000 pertsona inguru izango lirateke puntu gorenean — sistemak ez du gainezka egingo. Dena dela, hildako kopurua ere kezkagarria litzateke: 100.000.

Hau idazten dudan momentuan, 100 hildako baino gutxiago ditugu Alemanian. Arrazoiak? Ezin dut zehazki esan. Alde batetik gaixoen batazbesteko adina baxuagoa dela Italia edo Espainiarekin alderatuz. Bestetik, herstura ekonomiko gabeziak osasun-sistema abantailan jarri du.

Hemendik ze ondorio hartzen dira? Luzerako joango duen itxura duela — aditu Txinatarren aburuz — eta kutsatu kopurua murrizteko neurriak agian gogorrakoak izan beharko direla — espero Hego Korean legez ez izatea. Baina itxaropena ere badago: badirudi heriotza-tasa test faltarengatik uste dena baino askozaz ere baxuagoa izatea; eta bai Alemaian bai Txinan datorren urtean eskuragarri egon daitezkeen txertoak ikertzen ari dira.

Nire aldetik, zaindu zaitezte eta egin kasu MOEn gomendioei. Mediku, erizain eta bestelakoei, eskerrik asko bihotzez zuen lanagatik.


  1. Bertako grafikak ikustea gomendatzen dizuet.