(Erdal) Ikusentzunezkoak euskaraz

Telebistaren aurrean ere belarriprest izateko aukera gura dut.

Dakizuenez, duela urte eta zertxobaitetik Alemanian bizi naiz. Ez dut Euskal Herriko gauza asko jarraitzen…[1] Zaldibarko gertaera tamalgarriak salbu. Horien artean, asteon Filmin-ek euskarako zerbitzua aurkeztu duela irakurri dut.

Katalogoa goitik behera ikusi eta etsipena eman zidan: lehenagotik zeuden film euskaldunei beste batzuk gehitu zaizkie. Egiari zor, kontua Handia filma ikusteko egin nuen, ez nuen zineman ikusteko aukera izan eta lau bat euroren truke eskaintza aparta iruditu zitzaidan. Uste dut azpitituluak gazteleraz zirela; ez naiz gogoratzen.

Zein da arazoa? Katalunian sortutako zerbitzua izanik, bikoizketak eta azpitituluak gazteleraz eta katalanez daudela. Ez dago euskaraz jartzeko aukerarik. Orohar, ez dago aukera hau ematen duen VOD (Video on Demand) zerbitzurik: Netflixen jai duzu, Prime Video-n Dragoi Bola (ez da harritzekoa), eta MUBIn Drift bakarrik ikusi ahal izan ditut euskarazko azpitituluekin urte eta erdian.

Dena den, Filmin eta MUBI erabiltzen jarraitu dut —pasa den astean Parasite ikusi ahal izan nuen,[2] gogoa nion pasa den urtetik eta Cannesen eta Oscar-etan sari nagusiak lortzeak hype-a sortu zuen nigan—; biek filma katalogoa handia dute: mundu guztikoa, mainstream zein independiente zein underground, zahar zein berri. Desberdinasuna MUBIk txandakatzen diren 30 pelikula eskaintzen dituela da: egunean berri bat gehitzen da eta zaharrena iraungitzen da.

Honi lotuta, maiz nire buruari egin diodan galdera zera da: zergatik ez azpitituluak.eus erabili? Bada, ez dut ekoizleen gutunik jaso nahi pelikula edo telesail bat modu alegalean jeitsi dudala konturatu direlako.

Halere, ez zait gustatzen horrelakoak enpresa pribatuek egin beharra. Eusko jaurlaritzak eta liburutegiek ekimen baten bat dutela ere irakurri dut. Hala bada, pozten naiz eta horrela jarrai dezala.

Espero dut etorkizunean euskara ildo honetatik ere sustatzea. Euskaraz bizi nahi izanak Euskal Herritik kanpoko kulturaren kontsumoa[3] erdara menderatzaileetan egitearen guztiz aurkakoa da. Aisia ere euskaraz bizi nahi dut. Nahi dugu.


  1. Koronabirusaren auziarekin are gutxiago. ↩︎

  2. Boon Jong-ho ez ezik, Lee Chang-dong eta Park Chan-wook ikusi behar zenituzkete. ↩︎

  3. Kontsumo dei dakioke? Kapitalismoari lotutako hitza dut. ↩︎


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!