Softwarearen zoru etikoa

Guztia da politika, softwarea barne, eta arau batzuk jarraitzea komeni da.

Agian ohar hau pixkat berandu idazten ari naiz baina buruan izan dut aste batzuetan zehar.

Dakizuenez, munduan istilu ugari gertatzen ari dira hau irakurtzen ari zareten bitartean: Ekuador, Txile, Katalunia, Hong Kong, besteak beste. Aipatuko dudana ez da aurreko zerrendan ageri, ordea. Txinak Uigurrekiko duten tratamendua. Hizkuntza turkiarra erabiltzen duen etnia hau aspaldian konzentrazio eremuetan sartzen ari dela dirudi, ukatzen duten arren.

Hori dela eta, Notepad++ Windows-eko testu editorearen garatzailek 7.8.1 bertsioari Free Uyghur kode-izena jarri zioten, urri bukaeran argitaratua. Erabaki honek txinatar asko ernegatu egin zituen eta beraien Github-a kritikaz bete zuten[1]. Hala ere, batzuek oraindik jarraitzen dute ekinean: Hong Kongeko poliziaren alde nago edo horrelako zerbait dio, itzultzaile automatiko batzuen arabera.

Nahiz eta gustuko ez izan, Notepad++-en garatzaileek adierazpen politikoak egiteko askatasun osoa dute. Eta horrelako bidegabekeriak salatzeko bada, are gehiago. Ez bazaude ados, alternatibak daude.[2].

Aurrekoa oraindik fresko zegoelarik, egun batzuk beranduago, software lizentzia hipokratikoa aurkitu nuen Pybonacci-ri esker.[3] Bereziki interesgarria iduritu zitzaidana honako hau da:

Politics and software are so tangled that they cannot be reasonably separated. Consider the GPS software that tells you how to get to a restaurant; it’s also used to direct military drones to their targets. The facial recognition software that unlocks your phone? It’s being used to record, track, and target the activities of political dissenters. Even simple choices, like limiting gender options on sign-up forms, have an impact on the well-being of our users.

All of these technologies are inherently political. There is no neutral political position in technology. You can’t build systems that can be weaponized against marginalized people and take no responsibility for them.

Interesgarria alde batetik arrazoi guztia duelako: teknologia kapitalismoaren eskuetan jartzea arazoa oso larria da. Diruak du boterea gaur egungo munduan, eta horren adibide dira espaziora joateko langileek soldata baxuak izatea (SpaceX), ibilgailu autonomoek norbait hiltzeari garrantzia kentzea (Uber), edota informazioa saltzea (Facebook, Google). Bestetik, software librearen lizentzia batzuek edonori askatasun osoa ematen dielako. Esaterako, defentsa-enpresek arma, hegazkin, satelite militar eta horrelakoetan software askea pozik txertatzen dute.

Argi dago softwarea politika dela eta horretarako ekimen asko gauzatzen ari dira. Nola, non, nork, erabili eta abar. Batzuek ez dute gustuko izango, baina pastela guztiontzat da.

Horregatik existitzen da Fedibertsoa, non norbanakoek kudeatutako alternatiba independienteek elkarlanean sare federatu bat sortzen dute —izenak berak esan bezala— enpresek maneiatutako sare sozialen eraginetik at: Mastodon/Pleroma (Twitter), Pixelfed (Instagram), PeerTube (YouTube), Diaspora (Facebook), eta beste hainbeste.

Nik oraindik trantsizioa egiteke dut. Momentuz, blog hau eta beste zerbitzu batzuk ostatatzen dituen zerbitzari honetan git zerbitzaria dago erabilgarri; GitHub Microsoftek erosia eta Gitlab-ek telemetriarekin arazoak izan ostean.

Bide luze bat dugu aurretik oraindino.


  1. Nola esaten da flood euskaraz? Interneteko adiera, ez urarena. ↩︎

  2. Windows ez erabiltzea, adibidez. ↩︎

  3. Python eta bere ekosisteman (zientifikoa, gehienbat) lan ona egiten duen garatzaile talde bat. Espainolez, tamalez. ↩︎


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!