Autoantonimo edo oximoron?

Zalantza linguistiko bat ebatzi nahian.

Euskaltzaindiaren hiztegiak horrela definitzen du oximoron hitza:

iz. Liter. Figura erretorikoa, ustez bateraezinak diren edo kontrako esanahia duten hitzak edo esapideak elkartzean datzana. «Gordelekura joan naiz nire egoera ikusgarriago egiteko»; “gordeleku ikusgarria”, oximoron bitxia. Jatorrizkoan, poesia kontuetan gertatu ohi denez, are ederragoa da esaldia, “They are all listening for our silence”, oximoron sotil horrekin.

Antonimo, ordea:

iz. Hitz bati buruz, aurkako esangura duen hitza. Gizen-en antonimoa argal da. Argal eta gizen antonimoak dira.

Autoantonimoa, beraz, antonimoaren kasu berezi bat da. Ingelesezko wikipediaren arabera (ez dago euskaraz oraindik), bere buruaren antonimo den hitza da. Hau da, kontrako adierak dituela. Agian kasu ezagunena The Simpsons-eko Dr. Nick-en esaldi bat da: “Inflammable means flammable? What a country!”

Benetako kasu batekin natorkizue orain. Txile, Katalunia, Hong Kong, Ekuador, eta abarretan hainbat manifestazio egiten ari dira. Horiek gelditu nahian, gobernuak istiluen kontrako polizia gorputzak darabiltzate. Baina istilu gehiago ari dira sortzen. Nola ote? Inuzenteei jotzen, autoz talka egin nahian, besteak beste; ustezko bakearen eta ordenaren izenean.

Izenburuaren galdera erantzuteko: ba hizkuntzaren arabera. Ingelesez riot police, gaztelaniaz antidisturbios, alemanez, Bereitschaftspolizei

Agian izena aldatu beharko zaie, edo hiztegietan bigarren adiera jarri. Edo horiek erabiltzearen azpian dagoena konpondu eta aintzat hartu.

Zuzenbide estatua ere oximorona dela iruditzen zait azkenaldian.


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!