Izanak emandako lezioak

Leku batzuetan oraindik badute zer ikasi

Hamabost hilabete inguru daramatzat Alemanian bizitzen, baina ez dut hainbeste hiri ikusteko aukerarik izan. Zorionez, duela gutxi batasunaren eguna (Tag der Deutschen Einheit) izan zen eta zubia hartu nuen. Hainbeste pentsatu ondoren, Nurenbergera joatea erabaki nuen. Munichen Oktoberfestaren azken egunak ziren, baina jendez gainezka egoten dela eta, azkenean Frankoniako hiriburura joan nintzen. Herriaren berezitasun bat bete Erdi Aroko itxura mantendu duela da. Beno, mantendu.

Hau irakurtzen ari zaren horrek,[1] Bigarren Mundu Gerrari buruz zerbait badakizu, nazientzako zer nolako hiri garrantzitsua izan zen ezagun egingo zaizu. Hemen zeuden NSDAP-aren eremu nagusiak —Alemanez, Reichparteitagsgelände edo (Hirugarren) Reich alderdiaren biltzarren eremua— non jaiak, Hitlerren diskurtsoak eta beste hainbeste ospatzen ziren. Harritu egin ninduen ez dela izenean nazi hitza erabiltzen. Logikoki, aliatuek hiria eta eremu hauek suntsitu zituzten: momenturik aipagarriena Zeppelin zelaiko arranoarekin egin zutena da. Baina gertaera ezagunena bertan jazo ziren epaiketak izan ziren, alderdi naziaren buruzagi batzuk —beraien buruaz beste eta ihes egin ez zutenak— jasan zituztenak.

Bidai horren azken egunean bietara bisita[2] egiteko erabakia hartu nuen. Nazien eremuetan, dokumentazio zentru bat dago (Dokumentationszentrum, Dokuzentrum izenarekin ezagunagoa), horietako eraikin bat gauza onetarako erabilia. Esposizio oso transparentea da, Lehen Mundu Gerra eta aurrekarietatik Nurenbergeko epaiketetara arte NSDAP (eta Alemania nazia) nola garatu zen erakusten du. Sarrerarekin audiogida bat erabiltzeko aukera dago; bi eta hiru ordu bitartean igaro ditzakezu han. Bideoak, audioak eta bestelako irudiez gain parafernalia nahikotxo dago (Mein Kampf-aren kopia bat, adibidez). Irtetzean, eremuak ikusi daitezke, ibilbide laburra (ordu eta erdi bat) edo luzea (2-3 ordu) eginez. Denbora gutxi nuela eta, ibilbide laburra egin nuen eta herritar asko ikusteaz gain —1. FC Nürnberg-ek partida jokatzen zuen— oso arraro sentitu nintzen orduan arraza arioa, holokaustoa eta horrelakoak defendatzen, SS-ak kokatzen ziren eremuetan oinez egitean. Egitura asko egoera traketsean daude, eta horrek zalantza bat sortu zidan: merezi al du horiek mantentzea iragana ez ahazteko edo nazien herentzia ezabatu behar da?

Arratsaldean, epaiketa ezagunak egin ziren justizia jauregira joan nintzen. Biak elkarrengandik urrun kokatzen dira, baina tranbia eta metro bidez segidan heldu nintzen. Jauregiak, alde batean Memorium Nürnberger Prozesse deituriko museoa du. Lehenik eta behin, 600 gelara joan nintzen. Ostiraletik Astelehenera bakarrik bisita daiteke, oraindik erabili egiten delako. Ez da orduko berdina, baina bertan eser zaitezke audiogidak hari buruz azalpenak ematen dizkizun bitartean. XX. mendeko kriminal gogaikarrienak epaitu zituzten lekuan negoen; hemen ere arraro sentitu nintzen. Goiko pisuan, epaiketei buruzko esposizio bat aurkitzen da, aurrekariak, epaiketa bera goitik behera azaltzen dutenak, hemen ere audio, bideo eta guzti. Baina ez hori bakarrik, epaiketa hauek aurrekari bat sortu zuten, eta gerrako tribunal internazionalak azaltzen ditu: Alemanian 70-80ko hamarkadetara arte gertatu zirenak, 2. Mundu Gerra ostean Japoniako buruzagiei egindakoak, eta orain arte egin direnak nazioarteko epaiei esker.

Gerra galdu eta gerora —pixka bat berandu, ukatzen ari ziren eta— desnazifikazio prozesu handi bat egon zen gizartearen hainbat alorretan. Bi hauek horren adibide direla esan daiteke: hau gertatu zen eta ez dugu berriro jasan nahi. Guztiok dakigu ikur, keinu, abesti etab. naziak debekatuta daudela, baita holokaustoa ukatzea ere. Tamalez, Ekialdeko Alemanian naziak kanpoko gauzatzat ikusten ziren eta horregatik du AfD-k duen boterea (mendebaldean ere, ez pentsa).

Kataluniako afera dela eta, egunotan faxista, nazi eta horrelako jende-moduei «Nacionalistas españoles» edo «Defensores de la unidad de España» deitzen ari dira hedabide batzuk. Francoren gorpua ateratzeko ere nostalgikoak manifestazio deialdiak eta horrelakoak egiten dabiltza. Memoria historikoaren legea ez da bete eta eraikin askotan oraindik arrano potrozorri hura duten armarriak daude, estatuak, kaleak etab. Hildako asko areketan. Munduan bigarrenak Kanbodiaren atzetik.

Hau da faxismoak gudak irabazi edo galtzearen ezberdintasuna. Areago, trantsizioa irabazleek maneiatzen dutenean.

Euskal Herrian ikusi dudan adibide baliokide bat Gernikako Bake Museoa da. Espainian horrelako zerbait egotea espero dut. Kontuan hartuta Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen bunkerra orain aparkaleku bat dela eta Franco non lurperatu zuten ikusita… ez dakit, ba.


  1. Espero dut bi zifretara heltzea, bederen. ↩︎

  2. Sarrerak 6 € balio du, baina egun berean udalak kudeatutako beste museoren bat ikusi nahi baduzu 9 €-rekin nahikoa da. ↩︎


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!