Gaur arteko irakurketak

Ez da oso zerrenda luzea, irakurtzearen ohitura berreskuratzeke dut. Barkaidazue.

Dagoeneko ekainean gaude, a ze nolako azkar doan denbora. Zerrendak maneiatzen ez naiz oso ona, beraz nire irakurketen zerrendatxoa egingo dut. Egiari zor, Euskal Herrian bizi nintzenean lana eta etxea bitarteko autobus bidaietan irakurtzen nituen liburuak, astean bat asko jota (hiru ordu joan-etorria, eta ez ziren oso luzeak). Orain tranbian 20 minutu besterik ez ditut beraz irakurtzeko ohitura hori txarto daramat azkenaldian. Bizikletan banoa lanera, txarrago.

Guztiak irakurri ditut ingelesez, hemen zaila da liburuak euskara edo gaztelaniaz aurkitzea Amazon bidez ez bada. Beno, besterik gabe:

§Bukatuak:

  1. Germany: memories of a nation (Neil MacGregor, 2014)

    Izenak dioen bezala, Alemaniaren oroimenei buruzkoa da. Ez du kronologia zehatzik, taldeka sailkatzen ditu: nortasuna, ohiturak, akatsak, etorkizuna… museo baten esposizio bat bezala irakurtzen da (eta hala egi zuten, alegia). Liburuak «Alemania ulertzeko nahitaezkoa» dela dio. Lankide ohi batek Alemania ez duela ulertzen esan zidan. Bertan jaioa izanda, alferrikako lana.

    Hala ere, gustura irakurri nuen. Alemaniaren gainazala erakusten du. Arina da, irudi asko ditu eta erdialdean kolorezko mapa eta irudi politak (Bauhaus artelanak, esate baterako). 500 orrialde baino pixka bat gehixeago ditu. Irakurri ez nahi duenarentzat podcast bat ere egin zuten.

  2. The Crucible (Arthur Miller, 1953)

    Pasa den urtean Arthur Miller-en beste antzerki batean (Death of a Salesman) oinarritutako film iraniar bat ikusi nuen. Narratiba gehiegi irakurtzen nuenez, aukera eman nion. Biak oso onak, guztiz gomendagarriak. Wikipedian beste liburu interesgarri batzuk zituela ikusi nuen eta baten bat irakurtzea otu zitzaidan.

    Istorio hau Salem-eko (AEB) benetazko sorgin-ehizetan oinarrituta dago, baina fikzio tanta askorekin. Talde-histeria eta McCarthyismo-aren arteko nahasketatzat da ezaguna. Ni horrekin ados, irakurtzen nenbilena bot errusiarren aferarekin erlazionatzen nuen. Askotan ere XVII. mendean zeudela ere ahantzi egiten zitzaidan.

    Azken finean, antzezlana denez, gidoi bat irakurtzea bezala da. Baina merezi duela uste dut.

  3. L’étranger (Albert Camus, 1942)

    Meursault jaunaren istorioa dugu hau, Algiers-en bizi den pied-noir bakarti, apatiko, lasai batena. Bere ama zendu ostean gertatzen zaizkion gauzak, bere ikuspuntutik. Hau Camus-en absurdismoaren ardatzat ikusten den nobela da. Ez naiz arte kritikoa baina nik surrealismoaren antzekoa dela esango nuke.

    Lehen pertsonako narrazioa batzuetan nekagarria egiten da, baina uler daiteke zergatik den klasiko bat. Azpitestua da garrantzitzua hemen, spoiler edo izorraki gabe ezin dut besterik esan.

§Alde batera utziak:

  1. Las venas abiertas de América Latina (Eduardo Galeano, 1971)

    Latinoamerikako zapalketa eta ustiatzea 500 urtean zehar. Prosa oso aspergarria du, Galeanok berak ere onartu zuen. Beste batean bukatuko dut.

  2. The worst journey in the world (Apsley Cherry-Garrard, 1922)

    Bizirik bueltatu zen kide batek idatzitako Scott-en hego polorako espedizioaren historia. Liburua luzea da eta ez dut denbora tarterik aurkitu ganoraz irakurtzeko. Parisera joan eta etorrian jendea berbetan eta laneko gauza batzuk egiten ezin asko egin. Noizbait bukatu beharko.

§Hasteke:

  • A clockwork orange (Anthony Burgess, 1962)

    Duela hamarkada bat edo batxilergoan ikusi nuen filma. Duela gutxi katatrak-ek argitaratu zuela ikusi nuen eta gurasoek alemaniara bidali zidaten.

    Gida bat dakar atzean, ea nadsat-a azkar ikasten dudan liburuan atzera eta aurrera ez ibiltzeko.


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!