Txartelak

Bost kontu ezberdin

§I

Bertoko garraio partzuergoan Job-Ticket deituriko txartela ateratzeko aukera dago. Langileak kuotaren zati bat ordaintzen du eta enplegatzaileak bestea. 42 € baino pixkat gehixeago. Tranbia, autobusa, tren aldiriak, dena dohain. 19:00etatik aurrera eta asteburuetan beste lau pertsona (edo txakur) nirekin eraman ditzaket. Bizkaia eta Gipuzkoa baino eremu handiago batean.

Ez dago sartzeko eta irtetzeko kontrolik, ohore-sistema baizik. Noizean behin norbaitek txartela begiratzen du. Beraz, soinean eramanda nahikoa.

§II

Estatu batzuetan (nirean, adibidez) unibertsitateko langile eta ikasleen otorduak diruz lagunduta daude. Beste modu batean esanda, kantinetan oso merke jan daiteke. Lekuaren arabera, buffet bat bezala da. Besteetan, menua. Prezioak trinkoak edo plater(ar)en pisuaren arabera izan daitezke.

Honetarako RFID bidez dabilen txartel bat behar da, 5 €-ko fidantzapean. Jantokietan makina bat dago txartelari dirua sartzeko. Elikatzeko Barik/Mugi bat.

§III

Udal liburutegiko sistema guztiz automatikoa da. Makinetarako eskuz sinatutako txartel sinple bat bakarrik behar da. Urtean 18 €. Barra-kodea irakurri, pasahitza sartu eta eraman nahi duzunaren barra-kodeak pasatu behar dira, supermerkatuko self-checkout bat balitz bezala: filmak, telesailak komikiak, liburuak, musika, egunkariak (El País, tamalez), etab. Erdaretan dauden liburuak (alemanaz kanpo) nobelak dira.

§IV

Alemaniako osasun-sistema oso arraroa da. Aseguratzaile publiko asko daude (TK, AOK,…), baten izena eman eta aste batzuetara Gesundheitskarte bidaltzen dizute. Oso polita, Vitrubioren gizona ta guzti. Elektronikoa da, eta EB-ko beste herrialdeetan erabiltzeko ez dago arazorik: buelta eman eta kitto.

§V

Alemanian Maestro erabiltzen da Visa edota MasterCard ordez. Ikusten diodan abantaila txartelak berak zure IBAN-a dakarrela da. Desabantaila ezin dela internet bidez erabili paydirekt, giropay edo horrelakoetatik kanpo.


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!