Honetaz

Hona heldu bazara, webgune honi buruz jakin nahi duzulako da. Ziur aski sortu zaizkizun galderak erantzungo ditut hurrengo lerroetan. Zerbait idatzi nahi badidazue, behean ikus ditzakezue nirekin harremanetan jartzeko moduak.

Nor? §

Gizaseme informatikaria nauzue —dagoeneko nire izena igarriko zenuten— 1990eko hamarkada hasieran Bizkaian sortua eta hezia. 2018ko abuztutik Alemania hego-mendebaldeko unibertsitate batean dihardut datu-base astronomikoekin lanean: literalki big data. Edonola ere, nire burua liburuzain digital laudatutzat dut.

Zer? §

Interneteko txoko honetan otutzen zaizkidan gauzei buruz idatziko dut. Hau da, nire (in)kontzientzia-jarioa: artikuluak, kontakizunak, irudiak... Tamalez, ezin dut maiztasun zehatz bat bermatu, denbora eta gogoaren arabera doa eta.

Oharrak §

Betiko oharrak aplikatzen dira hemen ere (egin klik irakurtzeko).
  • Idatzitakoa nire iritziak dira eta ez beste inorenak —aurkakorik esan ezean—;
  • ezin dut gai batzuetan zehaztasuna bermatu;
  • hemen adierazia jarraitzea zure erantzukizuna da;
  • kodea eta kode-adibideak zure ardurapean erabili;
  • edukia (bai informazioa, bai iritziak) zaharkitua gera daiteke, eta abisu gabe ere alda —eraldatu, ezabatu…— daiteke;
  • kanpoko esteken edukia nire gaitasunetatik at geratzen da, beraz kontuz ibili.
Eta ahazten zaizkidan beste hainbeste.

Zergatik? §

Alde batetik, idazten dudanaren jabegoa nahi dudalako; bestetik, denbora aurrera joan ahala sare sozialak gero eta gehiago gorroto ditudalako, iruzkinak barne. Horregatik, .eus domeinu bat eskuratu ostean, euskaraz idaztea erabaki nuen: hobe berandu inoiz ez baino. Areago, Alemanian ez dut euskara erabiltzeko aukera askorik eta ugertzea ekidituko dut.

Nola? §

Ezaugarri teknikoei buruz, inork interesik balu: Jekyll motore estatikoa darabil nik egokitutako minima gaiarekin. Debian zerbitzari batean ostatatzen da, nginx web zerbitzari duelarik. Kanpoko edukirik ez da zerbitzatzen — Charter letra-tipoa hemen instalatua da.

Datu-politika §

Dirudienez GDPR-ak webguneen datu-politika azaltzea edo horrelako zerbait eskatzen du. Ez dut erabilera-estatistiketan interesik, beraz ez dago jarraipena egiteko cookie bezalakorik. JavaScript bakarra KaTeX da, erabiltzen den orrialdeetan bakarrik.

nginx-ek sarbidearen astekari (log) bat gordetzen du, non IP-ak agertzen diren. Baina ez ditut ikusi ere egiten.

Non? §

Iruzkin-sistema baten faltan, niregana iristeko hainbat modu dauzkazue: