2018ko Santiago eguna. Frankfurt-eko aireportua. Hegazkinetik irten eta 30 bat gradu edo zeuden. Bizitzera nentorren, maleta handi eta txiki batekin. Tren pare bat hartu behar nituen bizilekura heltzeko. Tren horiek ez zuten aire giroturik. Infernuan sentitzen nintzen.

Orduan Europa erdialdea eta iparraldea beroaldi1 baten pean zegoen. Ondorio oso larriak izan zituen. Lehorteak, heriotzak... batez ere horrelakoak ohikoak ez diren lekuetan gertatu zelako.

Beste pare bat aste iraun zituen. Alemanian aire giroturik erabiltzeko kulturarik ez dagoenez, alokairu-kontratua sinatu eta hurrengo egunean (sartu nintzenean) haizagailu bat erosi behar izan nuen. Hil ala biziko erabakia zen.

Egin dezagun salto denboran (flash-forward, batzuen arabera) orainera.

Europa mendebaldea berriz dago beroaldi batean pean, San Juan egun inguruan hasita. Eguzkia dantzan etorri da, dirudienez. Euskal Herrian ere egun batzuetan sufritu duzuela ikusi dut. Hemen bihar bukatuko da, gaur da txarrena -- 39ºC daude iragarrita. Etzitik aurrera tenperaturek su-eten bat egingo dute eta 26ºC ingurura jeitsiko dira asteartean.

Hamar bat egun oporretan egon ostean, pasa den igandean (San Juan bezperan) Frankfurten lurreratu eta hasieran aipatu ditudan tren berberak hartu nituen etxera heltzeko. Kasu honetan beroaren ondorioz trenak eta tranbiak atzerapenekin zebiltzan. Nire trena galdu nuen pare bat minuturengatik eta hurrengoak 40-60 minutu berandu zetozen. Jendez gainezka zegoen, bagoi tartean geunden, lekurik gabe eta guztiok izerditan.

Astelehenean lanera bueltan joan nintzen. Gure lantokia eraikin zahar batean dago, beraz aire girotua ezta imaginatu ere. Tamalez, bulegoan zegoen haizagailua nire lankide ohiarena zen. Igandean erosi nuen bat, baina asteazkenean helduko zen. Egun bi horietan sufritu dudana ikaragarria da. Nahiz eta gerizpetan kokatu, izerditan blai egotea eta beroaren ezinegonak tortura zirudien. Ura edan eta edan, pixa egin beharrik ez. Inori ez diot desio.

Udak hamar egun ditu eta dagoeneko horrela hasi dugu. Ez dut uztaila, abuztua eta iraila nolakoak izango diren imajinatu nahi. Ez naiz bakarra:

Kitzingen in the southern state of Bavaria recorded 40.3 degrees Celsius — the highest ever in Germany — on both July 5 and August 7, 2015. Experts say it is possible that temperatures could be even higher this year.

Ez dut grafiko edo paperrik aipatuko, guztiok dakigu zein larria den egoera. Niri ikara ematen dit. Hau Alemanian (Alemanian!) gertatzen ari da, Andaluzian bageunde bezala. Lanak atzo egin behar ziren, ea berandu ez den.

Azken finean, badakigu errua norena den.


Normaltasun berria ingelesezko new normal-en itzulpen askea da. Inork zuzenketarik badu, esan diezadala.


  1. Alemanez ere espainoleko eta ingeleseko kontzeptu bera erabiltzen da. Hitza Hitzewelle da, bero-olatu hurrenez hurren.