Alemanian ez dago orokorrean Aste Santurik (Protestante madarikatuak...), Pazkoa baizik. Ostiral Santua eta Pazko Astelehena dira jai. Lau egun, Euskal Herrian baino bat gutxiago. Gurasoak ni bisitatzera etorri ziren. Eguraldiak lagundu zigun. Horietako egun batean Worms-era1 joan ginen garraioa dohainik dudalako.

Nire bizilekutik nahiko hurbil dago eta katedral polit bat du, non dietak (Germaniako Erromatar Inperio Santuko batzarrak) ospatzen ziren. Protestanteen harira, dieta horretan hartu zen erabaki ezagunenetariko bat Martin Lutero-ren lanak eta bere erreforma protestantea ukatzea izan zen. Orduko Inperio Santua erabat katolikoa zen eta biraotzat hartu zuten:

We have declared and hereby forever declare by this edict that the said Martin Luther is to be considered an estranged member, rotten and cut off from the body of our Holy Mother Church. He is an obstinate, schismatic heretic, and we want him to be considered as such by all of you.

Testu osoa hemen, irakurri nahi duenarentzat. Badakigu ordutik aurrera nolako aldaketa erlijiosoak ekarri zituen Europan. Inguru honetan protestante-katoliko-erlijo gabekoen banaketa nahiko orekatua dago. Bere eragina dela-eta, monumentu bat eraiki zioten bertan. Nik hori ikusi nahi nuen, besteak beste.

Hurbilean, metro gutxi batzuetara, begira zer aurkitu nuen:

Irudia hemen

Monumentu berbera da, baina bertsio txikian. Bertan azalpenen bat-edo braillen idatzita2 agertzen da. Itsuek eta begietako bestelako gaixotasunak dituzten pertsonek ukitu eta monumentuari buruz jakiteko ideia oso ona da. Ez dut inoiz honelakorik ikusi.

Elbarrientzako ikusi dudan laguntzarik handiena entzunezko gidak dira, baina horiek edonork erabiltzekoak dira. Izan ere, hizkuntza ulertzen ez dutenentzat izan ohi da. Baliteke horrelako gehiago egotea, ez dakit. Niretzat ongi etorriak dira. Elbarriak ere besteon aukera berberak behar dituztelako.


  1. Ez da ingelesez bezala ahoskatzen eta ez dut uste zizareei erreferentzia egiten dion. 

  2. Idatzi erabil daiteke kasu honetan?