Demagun alderdi politiko bat dugula, bere burua sozioliberal bezala aurkezten duena. Erdi-ezkerrekoak direla diote, politika biziberritzera datozela betiko alderdiek dena kilin-kolo jarri dutelako trantsizioaz geroztik.

LGBT+ pertsonen aldekoak eta feministak direla diote. Ukraina eta Georgiako emakumeen bidez umeak edukitzen dituzten familien alde daude. Ez hori bakarrik, Espainia mailan umetokiak alokatu ahal izateko lege bat onartu nahi dute.

Estatu horren batasuna bermatu nahi dute, ezen Kataluniatik estatu guztira salto egiten dute beste alderdiei axola ez zaien sektore huts hori aprobetxatu nahian. Salto hau arrakastatsua da eta kongresuko hirugarren alderdi handiena bihurtzen da.

Sozialisten politikak ez dituzte gustuko, beraz elizara doan eskuin tradizionalistarekin itunak egiten dituzte legeak onesteko, eta bere ideologiatik urrun dauden ideiak ezartzeko tresna bezala erabiltzen dute.

Alderdi faxista homofobo batzuekin autonomia erkidego batzuetako gobernuetan partaide izatea lortzen dute. Hala ere, LGBT+ harrotasunaren egunean karroza batekin aurkezten dira. Kritikak jaso ostean, denak ernegatuta besteei errua leporatzen ezer egin ez balute bezala.

Tamalez ez da kasu hipotetiko bat, patetikoa baizik. Pena da laranja kolorea hauekin lotzea, Euskaltelen1 ordez.



Asteburu honetan nire izebak bideo pare bat bialdu dizkit, non Juan Sebastián Elcano (euskaraz idazteari uko egiten diot) itsasontzia Gaztelugatx ingurutik ikus daiteke. Espainiako Armadako jendea ikusten zen, uste dut estropada batzuetakoei agur militarra egiten.

Tira, duela 500 urteko gauzak dira kontu hauek eta normalean ez diet garrantzia handia ematen, baina Eusko Jaurlaritzak urteurrena dela-eta militarrekin ospatzea ez zait zilegia iruditzen.

Munduari bira Espainiaren (Gaztelako koroaren, hobeto esanda) boterearen lehen erakusle aipagarria zen. Ordurako Espainako Armada existitzen zen beraz espezidio hau militarra zela esan dezakegu. Euskaldun bat izatea zorte kontua izan zen: Magallanesen heriotzak baliatu zuen Elkano domina lortzeko.

Txarrena Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EAJ-ren esku daudela da. Abertzaleak direla diote2, baina ez dute Espainiako gobernua haserretu nahi. Hau Sabino Aranak ez luke onartuko.

Euskaldunek baleen ehiza menderatu zuten ipar Atlantikoan mendeetan zehar. Lehen nazioa izan zen hori egiten, Islandiatik Kanadara. Bietan, hizkuntzen arteko nahasketa diren pidginak erabiltzen ziren. Hori aipagarriagoa egiten zait bestea baino, baina bizitza konpetizio bezala hartzen dute batzuek, tamalez...

Itxurak bakarrik arduratzearen gauzak.


  1. Euskalteleko lehendakariak-edo Euskaltel Espainia mailako IKT enpresa handiena izan nahi duela irakurri dut. Lehentasuna zerbitzu ona ematea izan behar da. 

  2. Ez dakit jeltzaletasuna abertzaletasunaren barnekoa den ala ez. XXI. mendean Jaungoikoa eta Lege Zaharrean sinestea? Nekeza.